“Lana topatzea gustatuko litzaidake pertsona bezala garatzeko”

María Isabel García Peña
28/05/2014

María Isabel García Peñak Asasamen bere gaitasunak garatzeko aukera izan duela dio, baita ezagutzen ez zituenak ere. Moda diseinuko ikasketak dituen gazte honek bere sormena praktikan jarri du tailer artistikoetan, eta beretzat erabat berriak ziren jardueretan parte hartzeko proposamena ere egin diote elkartekideek. Zehazki, duela urte batzuk buru gaixotasuna duten pertsonen Espainiako batzordean sartu zen, Fedeafesen ordezkari gisa, eta Asasameko zuzendaritza batzordeko idazkaria da. 

 

Bere egunerokotasunean bi funtsezko zutabe ditu: lagunak eta Asasamen gauzatzen dituen jarduerak. "Giro oso positiboa daukagu, elkarri laguntzen diogu". Goizetan elkarteko tailer okupazionalera joaten da Maria Isabel, eta ekintza desberdinak gauzatzen ditu; eskulanak eta baratza ekologikoaren kudeaketa, batik bat. Arratsaldez, informatika, sukaldaritza eta gaitasuna sozialak lantzeko jardueretan parte hartzen du zentro psikosozialean. Bere kabuz, gainera, yoga eta igeriketa egiten ditu, oreka mantentzen laguntzen baitiote.

 

Desgaitasuna duenez, ez dago lan egitera derrigortua, baina bere bizitzako alderdi hori garatzea atsegingo luke. “Niretzat oso garrantzitsua da, pertsona bezala garatzeko". Horregatik, Asasamek eskaintzen duen laneratze psikosozialerako programan dago, lan munduan beharrezkoak izango dituen gaitasunak lantzeko.

 

Maria Isabelek deialdia egin nahi die "gaizki dauden edo momentu zail batean aurkitzen diren pertsona guztiei, Asasamera gerturatzeko beldurrik izan ez dezaten". Beren bizitzan aldaketa handia nabari dezaketela dio; eta espero ere ez dituzten babesak lortuko dituztela.