“Buru gaixotasuna estigmatizatua dago eta senideentzat gogorra da laguntza eskatzea”

Patri Aldama
26/05/2014

Alabaren buru gaixotasunarengatik gerturatu zen Patri Aldama Asasamera. "Harrera ona" izan zuen, baina hasiera zaila egin zitzaion, "horrelako elkarteak estigmatizatuta" daudelako eta senideentzat "oso gogorra" delako horietara jotzea.

 

Askotan eragin dio buruari bere alabaren egoeraren "errudunak eta zergatiak" ulertzeko, baina denborarekin kontura tu "jende askori gertatzen zaizkiola horrelako gauzak edo txarragoak". Hortaz, "arazoa kalera ateratzea" eta elkarteen babesa bilatzea oinarrizkoa da beretzat.

 

"Laguntza bilatzea ezinbestekoa da. Asasamen, adibidez, zer egin eta nola egin dezakezun azaltzen dizute. Nahi duzun guztia ez duzu hilabete edo urte batean lortuko, baina behintzat zein bide hartu jakingo duzu". Patriren esanetan, buru gaixotasuna duten pertsonen gizarte-harremanak hobetzeko ere lagungarria da elkartea. " Zoritxarrez, asko bakarrik geratzen dira nahasmenduaren ondorioz eta, behintzat, elkartean babestuta sentitzen dira. Erabiltzaileen arteko harremanak oso onak dira; elkarren arteko antzekotasunetaz jabetzen dira".