ASASAMEK BIZITZAKO ETAPA GUZTIETAN BURU OSASUNA ZAINTZEAREN GARRANTZIA NABARMENTZEN DU

06-10-2025

Gaur goizean egin dugu prentsaurrekoa, 2025eko Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna dela eta. Urriaren 10ean ospatuko da eguna, eta Laudion egindako ekitaldian Aiaraldeko alkate eta alkatesak gurekin izan ditugu. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gure komunitateko buru osasunarekin duten konpromisoagatik eta babesagatik.

“Inoiz ez da ez goizegi ez beranduegi. Zain dezagun buru osasuna bizitzako etapa guztietan” lelopean, ASASAMetik gogorarazi nahi dugu buru osasuna bizitzako une guztietan zaindu behar dela, eta bizitzako etapa bakoitzak arreta, prebentzio eta laguntza egokia behar dituela.

ASASAMeko presidente Mª Ángeles Arbaizagotiak adierazi duenez, “buru osasuna oinarrizko eskubidea da bizitzako etapa guztietan. Ezin dugu onartu pertsonen bizi-kalitatea adinak, estigmak edo baliabiderik ezak baldintzatuta egotea. Buru osasunean inbertitzea etorkizunean, gizarte-kohesioan eta duintasunean inbertitzea da”.

Gazteak eta nerabeak

Buru osasuneko arazoen %70 18 urte bete aurretik agertzen dira, eta Espainian 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %59k adierazi dute azken urtean buru osasuneko arazoak izan dituztela. Datu horien aurrean, ASASAMek Gazteekin Programa indartu du, prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra uztartzen dituen ekimena, Aiaraldeko nerabe eta gazteei laguntza eskaintzeko, familien, ikastetxeen eta komunitatearen lankidetzarekin.

Adinekoak

Bakardade ez-desiratuak, galerak eta osasun fisikoko arazoek zuzenean eragiten diote ongizate emozionalari. Euskadin, suizidioen %70 50 urtetik gorako pertsonen artean gertatzen da. Horregatik, ASASAMek zahartze aktiboko programak, laguntza komunitarioa eta depresioa zein antsietatea detektatzeko baliabide gehiago eskatzen ditu.

Nahasmendu mental larria duten pertsonak

Nahasmendu mental larria duten pertsonek batez beste 10-20 urte gutxiago bizi dira gainerako biztanleekin alderatuta, eta adin goiztiarretan narriadura fisiko eta kognitibo handiagoa pairatzen dute. Horregatik, ASASAMen ustez, premiazkoa da kolektibo horren zahartze-prozesuan laguntzeko baliabide bereziak diseinatzea, etxebizitzaren, enplegu babestuaren, osasun-arreta integralaren eta zaintza-sare komunitarioen eskura jarriz.

Eskerrik asko udal ordezkariei eta gurekin batera gizarte osasuntsuago, inklusiboago eta solidarioago baten alde lan egiten duten erakunde eta pertsona guztiei. ASASAMek berresten du bere konpromisoa Aiaraldean eta bizitzako etapa guztietan buru osasuna sustatzeko. 

Dosierra informazio zabalduarekin eta antolatutako ekitaldiekin kontsultatzeko, sakatu hemen.